2017(e)ko apirilaren 30(a), igandea

Hezkuntza Hezkidetza - Aniztasuna.

Burutu dugun lan honen bidez gelakideekin hezkidetza eta aniztasunari buruz mintzatzea dugu helburu. Batez ere, askotan nahi gabe eta ohartu gabe egiten ditugun gauzak aldatzen saiatzeko.

Lehenik eta behin bi kontzeptu argitu behar dira:
  • Sexismoa: rol tradizionalak jarraitzen edo betetzen ez dituen pertsonarekiko mespretxu eta balio-gutxiespena ezaugarritzen duen jarrera da.
  • Hezkidetza: Irizpide sexistei ez jarraituz heztea.

Jendarteratzeko prozesuan hezkuntzak duen erronkarik nagusienetariko bat ikasle guztientzako berdintasunezko espazioak definitzea da, horrela bakoitza protagonista sentituz hazi eta hezteko aukera sustatuko baitira. Esku hartze kontzienterik definitu ezean, sexismoaren zikloa etengabe erreproduzitzan jarraituko baita.

Kalean zein etxean, mintzatzean eta aritzean desberdintasun anitz daude. Bizi garen hirietan batez ere, espazioetaz mintzatzen garenean, desoreka dagoela esan behar dugu. Kaleetatik goazenean emakumezko izenekin oso kale gutxi daude, %10 baino gutxiago, eta hauek “Maria” izena askotan daramate, birjinei erreferentzia eginez.

Adibidea: Oraindik patioa mutilena dela diote, baloia eta porteriak nagusitzen dira espazioaren kudeaketan eta neskak hitz egiten jarduten dute patioaren inguruan. Neskek ez dute bereziki adierazten espazio gehiagoren beharra; izan ere ondo barneratuta daukate beraientzako esparruak beste batzuk direla, hitz egiteko elkartu daitezkeen espazioak hain zuzen.

Hitz egiten eta idazten dugunean, hau da, komunikatzen garenean gizartean dauden baloreak transmititzen ditugu. Honek alde batetik errealitatea islatzen du eta beste aldetik, jokabideak baldintzatzen ditu. Adibide bezala erabili dezakegu nesken eta mutilen arteko desberdintasunak hitz egiten dugunean. Neskei goxo hitz egiten zaie eta ez zikintzeko edota zuhaitzetara ez igotzeko esaten zaie; mutilei berriz, zakarrago hitz egiten zaie eta zuhaitzetara igotzeko adorea ematen zaie.

Egoera hau saihesteko zenbait faktoreri erreparatu behar diegu:

  • Genero kutsadura saihestu behar dugu, hau da, euskaraz mintzatzen garenean “guraso” hitza erabili, ama edo aita hitzak saiheztuz. 
  • Maskulinoa orokortzaile gisa ez erabili, kasu honetan hitz egiterakoan edota idazterakoan, femeninoa eta maskulinoa jarraian erabiltzean femeninoa maskulinoa baino lehenago esaten bada ez da hain errepikakorra geratzen; idaztean berriz -x- letra erabiltzea aholkatzen da, -@- ez baita alfabetoaren parte.
  • “Giz-” erroa ez hainbeste erabili, gizarte hitza jendarte, sozietate edota gizon-emakumeak hitzengatik ordezkatu daitekeelako.
  • Aipamen asimetrikoekin adi egon behar gara, parekideak izan behar dira, hau da, bikote bati buruz mintzatzen bagara, neska eta gizona esatea desegokia da, emakumea eta gizona edo neska eta mutila erabili behar dira.
  • Sexuen araberako ezaugarri eta balorazio desberdinak deuseztatu, lehen esan bezala ezin zaie mutilei adjektibo batzuk ipini eta neskei beste batzuk, mutilak ez dira ausartak izan behar eta neskak ez dira lasaiak izan behar.
  • Euskarak duen araudi ez baztertzailea jarraitu; beste hizkuntzetatik kutsatzen ez utzi, adibidez, “guraso” hitzak ama zein aita batzen baitu.



Hau guztia jarraitzean hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen ari garela esan dezakegu. Hizkuntza hezkidetzailearen definizioa honakoa da: “hizkuntza hezkidetzailea ez sexista eta inklusiboa da, pertsona guztiak (emakume zein gizon) aipatzen dituen ahozko eta idatzizko hizkuntza da, talde guztiak integratzen dituena (etnia, kultura, orientazio sexualak, sinesmenak, ezaugarri fisiko edo psikikoak...), aniztasuna aberastasun-iturritzat hartuz pertsona guztiak baloratzen dituen, konparazioak eta hierarkizazioak gainditzen dituena, bizimodu desberdinak aipatzen dituena, esaldiak positiboz adierazten dituena, era baketsua erabiltzen duena, eta, gainera, berdin egiten duena ez ahozko adierazpenean: keinuekin, gorputzarekin, irudiekin, eta abar.”
Jarraian esan beharra dago hizkuntza hezkidetzailea erabiltzea zaila dela, gure barnean finkatuta baitago beste era batean hitz egitea. Baina, pazientzia izan behar dugu eta gure artean elkarri lagundu, bidea pausoz pauso egiten delako.

Lehenik eta behin partaidetzaren definizioa argitu beharra dugu: pertsonen komunitate bat antolatzeko eta mobilizatzeko prozesua da, eta bertako pertsonek eragile gisa jarduten dira etorkizunari begira. Bi partaidetza mota daude, bakarkakoa eta kolektiboa.
Parte hartzearen ezaugarriak hiru dira: eraldatzailea, hezitzailea eta sortzailea. Eraldatzailea da kontzientziak esnarazi nahi direlako eta protagonistak aktibatzen dituelako harremanak, botereak eta egoerak aldatu nahi direlako. Hezitzailea da, eragileen gaitasunak eta ahalmenak garatzen dituelako. Eta azkenik, sortzailea da, berritu egiten duelako, agertoki desberdinetara eramaten gaituzten bideak eta irtenbideak bilatzen dituelako.

Partehartzea gertatu dadin ezinbesteko hiru baldintza eman behar dira: parte hartzen jakitea, aukera izatea eta nahi izatea.
Alor honetan mugak daude, hala nola, eskolan neskei arreta maila baxuagoa eskaintzen zaie; lanbide espektatibak ere desberdinak dira; adibidez emakumezkoak zaintzarekin zerikusia dituen ikasketak egiten dituzte, hala nola, erizaina, irakaslea, etxeko langilea...; beste muga bat emakumezko eredu oso gutxi daude eskoletan, kimika ikasten ari garenean oso gutxitan mintzatzen da Marie Curieri buruz.
Aintzat hartu behar dugu eskubide eta gaitasun berdinak ditugula, guztien ahotsa entzuteko estrategia egokiak erabili behar ditugula, desorekak identifikatu behar direla eta guztien protagonismoa onartu eta bultzatu behar dugula.

Erabiltzen dugun hizkuntzak izugarrizko eragina duela aitortu beharra dugu. Hau da, hizkuntzak mundua ikusteko dugun era eta gure jokabidea baldintzatzen ditu. Baina, hizkuntzak ez du soilik errealitatea azaldu eta interpretatu egiten, baizik eta sortu ere bai.

Azkenik, hezitzaile, irakasle eta pertsona garen aldetik gauzak aldatzea gure esku dago, guztiok baitugu zer esana /dugun papera garrantzitsua baita. Berdintasunean oinarrituz harreman berriak sortuko ditugu, ez du inporta nolakoak garen fisikoki, edo nolako pentsaera dugun, azken finean garrantzia duena gure kideekin, familiarekin eta inguratzen gaituenarekin dugun jarrera eta besteekiko onarpena dira, hau guztia enpatiarekin lotuz. Gainera emakumeek zein gizonezkoek lidergoa izateko eskubide bera izan beharko luketela azpimarratu nahiko genuke. Kasu gehienetan gizonezkoak baitira lidergoan eta goi-kargutan dauden pertsonak. Eredu berdinkideagoak erakutsi, adibidez margolanei buruz mintzatzean emakumezko erreferentziak hartu behar ditugu ere. Teknologiarekin ere harreman estua eduki behar dugu, mundua oso azkar aldatzen baita eta interneten ageri diren rol tradizionalak zalantzan jarri behar ditugu, haurrek sexismoaren pean ez egoteko. Gainera, haien kabuz pentsatzen irakatsi behar diegu eta haiek izan nahi duten hori argudiatzen eta defendatzen badutela, edozein gauza lortu dezaketela; eta honela, bakoitzak nahi duena izateko aukera edukitzeko. Hizkuntza hezkidetzailea erabili, andereño hitza gure hiztegitik ezabatu hezitzaile, irakasle eta horrelako sinonimoak erabiltzeko; neska, mutil, trans, homo, hetero… eta horrelako hitzak errespetatu eta erabili naturaltasunarekin.




1 iruzkin:

  1. Kaixo Marta!

    Zure blogaren diseinua asko gustatzen zait. Gainera erabili duzun kaligrafia mota ere oso polita iruditzen zait. Lana eguneratua duzula ikusi dut eta oso ondo antolatua. Segi horrela!

    ErantzunEzabatu